"Partaidetzazko aurrekontuak” ekimena martxan jarri du Foru Aldundiak

2015/04/17
Card image cap
Helburua, eskualdea hobetzeko, datozen lau urteetan 2 milioi euro zertan inbertitu herritarrekin batera hausnartu eta erabakitzea da

  Egitasmoaren lehen fasean, herritarren ekarpenak jaso nahi dira. Horretarako hiru bide zabaldu dira: internet atari bat aktibatu da, hainbat postontzi jarri dira eta partaidetzazko tailerrak egingo dira herririk herri.

  www.aurrekontuahobetzen.eus webgunea da, Gipuzkoako partaidetzako aurrekontuak  egitasmo honen berri eman eta herritarren ekarpenak jasotzeko aktibatu den atari berezia.

  Herrian bertan ere izango da ekarpenak zuzenean egiteko aukerarik. Datozen egunetan etxeetara egitasmoaren berri ematen duten esku orriak banatuko dira. Bertan, eskualdeak dituen behar edo gabeziak azaltzeko eta eskualdea hobetzeko proposamenak egiteko lekua dago. Esku orria beteta, herrian zehar jarri diren postontzietan utzi ahal izango dira. Oñatin sei buzoi jarri dira: udaletxean, gaztelekuan, kiroldegian, kultur etxean, gizarte zerbitzu departamentuan eta San Lorentzoko Lagun leku elkartean. Leku horietan, aipatu esku orriak ere eskuragarri daude.
Eta herririk herri egingo diren tailerretan parte hartzea izango da ekarpenak zuzenean egiteko bigarren aukera. Oñatin, maiatzaren 6an egingo da partaidetzako tailerra. Arratsaldeko 18.00tan hasiko da eta Eltzian, ETEOko eraikin zaharrean egingo da.

  Partaidetzazko aurrekontuen egitasmo hau Urola Erdian jarri zen martxan, 2013an. Iaz Gipuzkoako lau eskualdetara hedatu zen, eta orain lurralde osora iritsiko da, tartean Debagoienera.

  Parte-hartze prozesuak bost fase izango ditu. Lehena martxan da eta herritarren proposamenak jasotzean datza. Bigarren fasean, jaso diren proposamenak bildu eta herritarrekin batera aukeraketa egingo da. Jarraian, proiektuak bideragarriak ote diren aztertuko du teknikari eta herritarrez osatutako talde eragile batek. Laugarren fasean, herritarrek behin betiko proposamenak onartuko dituzte eta azkenik, proposamen horiek  aurrekontu proiektuan txertatuko dira.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!